XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakitean glu-glu eginez hasten zenean, asto kaskagogor bat balitz bezala mintzatu ohi zitzaion.

Bere buruarekin eta inguruko trasteekin hitzegitea oso gogozkoa zuen amonak.

Ongi ezagutzen ez zutenek ohitu egin behar izaten zuten.

Elkarrizketa baten erdian ere, askotan hasi ohi zen bera bakarrik hizketan, eta zer zioen edo galdetzean, bere buruari ari zitzaiola adieraziz, burua mugitzen zuen.

Amonari denek amona deitzen zioten: auzokoek, kale ertzeko okinak eta jolastokiko mutikoek.

Hauek noiz edo noiz burla egiten bazioten ere, askotan laguntzen zioten azokan betetako poltsa eskaileratan gora jasotzen, amona aszensorerik ez zuen boskarren pisuko etxe batetan bizi bait zen.

- Sasoirik onenetik joana nago - esan ohi zuen arnasa berotu eta atsedenalditxo bat hartzeko maila batetan eseriz.

Hizki apainez Frau Erna Bittel jartzen zuen bere bizilekuko atean.

Bere izenaren aurrean ipintzen zuen Frau horren zergatiaz galdegin zion behin batez bere semeak.

- Hi tonto hutsa haiz - erantzun omen zion amonak -.

Horrelaxe dei nazaten gustatzen zaidak.

Otto hil zenetik neskazahar bat naizela pentsa zezakek jendeak.

Eta horixe duk, hain zuzen ere, ni ez naizena.

Amonaren semeak beste seme bat zuen.

Liburutxo honek honen eta amonaren arteko historia dakarkigu.

Karl-Ernst zuen izena, baina txiki-txikitatik Karli deitu izan zioten.

Dûsseldorf inguruko hiri txiki batetan jaio zen Karli eta han egin zituen bere lehen urteak.

Bere aitak fabrika batetako bulegoan lan egiten zuen.

- Berak kalkulatzen zuen besteek zenbat diru jaso behar zuten - honela esplikatu ohi zuen Karlik bere aitaren lanbidea.